Mostrando entradas con la etiqueta masterra. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta masterra. Mostrar todas las entradas

2011/06/15

Hoy: Bilbao Kultur Lab

Bilbao Kultur Lab Bordeleko unibertsitateko ikasleekin batera Bilbon burututako kazetaritza proiektu bat da. Pasadan maiatzaren 7tik 14ra, Multimedia Komunikazioa EHU-EITB masterreko lau ikasle elkarlanean aritu ginen frantziarrekin. 


www.bilbaokulturlab.com web gunean batu ditugu sortutako lan guztiak. Kulturaren betaurrekoak jantzita begiratu behar izan dugu Bizkaiko hiriburua, horixe izan da, amankomunean izan dugun ardatza, hortik aurrera, bakoitzak berea. 

Baina zer izan da eta nola bizi izan dute Bilbao Kultur Lab Bordeleko ikasleek? Marc Bouchage-n hitzak:

2011/04/20

Euskara Interneten: KORRIKA 17

Amaitu berri den 17. KORRIKA dela eta lan ikaragarria egin dute antolatzaileek Interneten, eta nola ez, euskara izan da ardatza, euskaraz egin dute komunikazio kanpaina. Aro berrira egokitu dira eta gainera, aurtengo komunikazio esperientzia ez da euskarrira egokitze hutsa izan, are urrunago joan dira arduradunak eta esango nuke, praktika on baten adibide ere izan direla.

KORRIKA 17k Sarean egindako komunikazio lana aztertzea erabaki nuen Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterreko A1 Moduluko lana burutzeko, erakunde baten estrategia informatibo berria zein den eta nola egiten den aztertzea. KORRIKA 17ren Sareko komunikazio kanpainaren nondik norakoek osatzen dute jarraian datorren lana.



2011/03/05

Zein leku dute ikus-entzunezko produktuek multimedia diskurtsoan?

Multimedia diskurtsoan ikus-entzunezko produktuek duten lekua aztertzen aritu naiz. Eta diskurtso multimedia falta zaigula ondorioztatu dut.

Izan ere, gero eta bideo gehiago aurki ditzakegu ziberkomunikabideetan, baita euskarazkoetan ere baina ikus-entzunezko horiek txertatuta edo integratuta daude dagozkien euskarrietan?

Bideoen funtzioa bestelako medien bidez zabaltzen den informazioa osatzea izan ohi da, edota errepikatzea. Oraindik gutxi dira izaera autonomoa duten piezak, eta gutxiago multimedia diskurtso batean integratuta daudenak. 

Hedabideek gero eta hobeto ezagutzen dute Sarea, eta gero eta hobeto menperatzen dituzte honen teknikak. Multimedia diskurtsoa lantzea falta zaie baina pausuak ematen hasiak dira. Beraz, ez da denbora asko falta ikus-entzunezko produktu integratuak gure ziberkomunikabideen informazio eremu nagusietan aurkitzeko.

2011/03/04

Multimedia erreportajea: bereizgarriak eta erronkak

Sarearen iraultzak kazetaritza tradizionalaren eraldaketa ekarri du, eta noski, genero guztiei eragin die aldaketak, erreportajeari baita. Egun, multimedia erreportajeaz dihardute aditu zein arituek. Baina zerk bereizten du erreportaje multimedia betiko erreportajetik? 

Sarearen baliabideek, eta nagusiki, bitarteko horietako hiruk: hipertestuak, multimediatasunak eta interaktibitateak.

Hipertestua: lotura bat duen testua da, klikatzean beste norabait eramango gaituena. Hipertestuari esker, informazio osatuagoa eskaini edo informazio iturriak erakus daitezke, testua luzatu beharrik gabe. Gainera, edukien arteko loturak egiteko funtzioa ere badauka, horrela, erabiltzaileari nabigatzeko bide bat(zuk) proposatuz.

Multimediatasuna: ezaugarri honetatik hartzen du izena Sareko erreportajeak. Izan ere, orain arteko mugak gainditu eta medio guztiak integratzea ahalbidetu du Sareak: ahotsa, soinua, irudia, bideoa eta testua.

Interaktibitatea: hipertestuaren erabilerak igorle eta hartzaileen arteko elkareragina sustatzen du. Edukiak elkar lotuz, hartzaileak nolabaiteko askatasuna baitauka erreportajean zehar nahierara nabigatzeko. Gainera, iruzkintzeko zein edukia zabaltzeko aukerak daude, foroetan parte hartzeko bideak, inkestak, online elkarrizketak... interaktibitatearen eskutik etorriko da aldaketa.

Sareak kazetaritza parte hartzailea ahalbidetzen du. Hau da, bere baliabideak era eraginkorrean ustiatuz gero eta egungo jendarte pasiboan txip aldaketa bat emanez gero, herritarrok elikatuko dugu kazetaritza etorkizunean. Erronka eta aukera paregabea iruditzen zait, erabat demokratikoa.

2011/02/11

Gazteak eta proiektu propioak

Dela lanagabeziaren aurrean, dela iniziatiba propioz, dela halabeharrez edota ezustean... proiektu propioak!

2011/01/20

Zer egin zibertestuak kalitatezkoak eta eraginkorrak izateko?

Ahozko zein idatzizko zibertestu bat kalitatezkoa eta komunikatiboki eraginkorra izateko hainbat erabaki hartu behar dira aurretiaz. Bai sorreran eta baita planifikazioan, hainbat urrats eta erabaki linguistiko-diskurtsibo kudeatzen dira. Prozesu hori gehienetan era inkontzientean egiten dugu baina batzutan, une batez gelditu eta prozesuaren kontzientzia hartzea onuragarria da.
  • Zeintzuk dira prozedura-urrats nagusiak?
  • Zeintzuk dira erabaki linguistiko-diskurtsiboak?
  • Erabaki horiek, testuinguratzeari dagozkio? Egituratzeari? Testuratzeari?

Garrantzitsuena testuaren helburua argi eta garbi izatea da. Zer, nori, non, nola. Hasteko zertaz arituko garen erabaki behar dugu eta erantzuna ahalik eta gehien definitu, zertaz zehazki? Behin gaiaren ikuspuntua eta helburua zehaztuta hartzaileari erreparatu behar diogu eta baita euskarriari zein komunikabideari. Hiru puntu horiek aztertuta zibertestua nola gauzatu erabakitzea besterik ez zaigu geratuko. Prozesu osoan zehar, pausu bakoitzari dagozkion erabaki linguistiko-diskurtsiboak hartuko ditugu eta horietan oinarrituta eratuko dugu zibertestua. 

Halaber, Sarerako zibertestuak egiterakoan berebiziko garrantzia duten hiru ezaugarri daude, beti, ibilbide osoan zehar buruan izan behar ditugunak: multimediatasuna, hipertestua eta interaktibitatea.

2010/12/30

Berria.info

Ziberkazetaritza-ereduak eta genero berriak irakasgaian Euskal Herriko ziberkomunikabide bat aztertu behar izan dugu. Berria.info aukeratu dut analisirako, hemen emaitza: 

2010/12/22

Bestelako komunikazioa: Trabajadores desechables performancea

Bestelako Komunikazioa: estrategia informatibo berriak irakasgaian kasu praktiko baten azterketa egin dugu. Bestelako Komunikazioa hainbat esparrutan lantzen da eta guztiak dira osagarri. 

Lan honetako eszenatokia kalea da. Azken aldian gero eta anonimoagoa delako, gero eta aseptikoagoa. Horregatik, antzerki talde ezezagun batek kalean burututako performance bat da aztergaia. Alde teknikoa ez da batere ona. Euren ekintzak erakusteko bideoen edizioa oso eskasa da eta horien berri emateko daukaten bloga ere, eskaparate kutre xamarra da. Eta gainera, horrelako ekintzak gehienetan guettotan geratzeko arrisku handia daukate ez baita promozionatzeko ahalegin handirik egiten. Kasu honetan, Menéamen ageri denez, guettoa gainditzeko leiho txiki bat irekitzen da. Ideia paregabea iruditu zait, edozeinek ulertzeko modukoa eta umoretsua. 

Hona hemen atzoko klasean, Trabajadores desechables lana aurkezteko erabilitako euskarria:



Gaur egun ezinbestekoa da bestelako estrategia informatibo berriak praktikatzea. Komunikabide handiek markatzen dute agenda egunero-egunero eta hegemonia komunikatiboaz baliatzen dira, agenda hori interes ekonomiko eta politikoen arabera manipulatzeko. Ahaztu egin dute, hedabideek izan beharko luketen kontrabotere izaera eta boterea bermatzeko zein sistemak bizirauteko bitarteko bilakatu dira.

Sareak leiho berri bat ireki du. Euskarri tradizionalen izaera bertikaletik ihesean, estruktura horizontalekoa baita Interneteko ikuskizuna. Horregatik, aukera aprobetxatu behar da, ahalik eta gehien zukutu eta aktiboki eragin. Eta itsaso zabal horretan pilatzen den informazio gaindosian lekuak bilatzen jakin behar da. Hemen kokatzen da Bestelako Komunikazioa. Ohiko forma, diskurtso zein izaerak gaindituko dituzten proiektuak asmatu behar dira, era horretan, muga oro gainditzeko. Osagaiak: Irudimena, multimediatasuna eta tekonologien ezagupena. 

2010/12/09

Handikhona podcast-a

Pasadan urriaren 25ean Handikhona podcast-aren aurkezpena egin nuen. Sareko bidai irratsaio bat egin dugu eta podcast hori zabaltzeko ivoox.com plataformaz baliatu gara Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterreko ikasleak. Bakoitzak interes turistiko berezia duen Euskal Herriko leku bat aukeratu du. Bertan aurki dezakezue nik Elorriora egun pasa joateko egin dudan gidatxoa. Edo hementxe bertan entzun!


Handikhona_Elorrio by keikrass

Euskal Herrian zehar bidaiatu nahi baduzu sintonizatu Handikhona

2010/11/26

Elcorreo.com-eko blogen analisia

Elcorreo.com atariko bost blog aztertu ditut. Horretarako, hedabideen interaktibitate maila aztertzeko erabilitako metodologia bera aplikatu dut, hau da, hainbat parametro kontuan hartzen dituen azterketa gida bat. Goazen harira:
  • Game over : bideo eta argazki pila bat sartzen ditu post-etan baina ez du horien egiletza aitortzen. Ez dauka estilo propiorik eta gainera ez du irudia batere zaintzen. Hainbat tamainatako argazki zein bideoak darabiltza, kokapen zeharo ezberdinekin eta gainera, irizpide ez parekoen arabera antolatzen ditu sarrerak. Halaber, testu luzeegiak idazten ditu, soberako informazioaz mintzo da. Izan ere, informazioa zabaltzeko testu loturak darabiltza, hortaz, horien erabilera egokia eginez gero testua ez litzateke horrenbeste luzatu behar. 

  • Heroes : Testuak oso luze, loturarik ez eta bideorik ere ez. Argazkiak badaude baina aurrekoan bezala, Internetetik hartuak dira eta ez da egiletza aitortzen. Bertako edukia tradizionala da, ez da Sarerako sortu. 

  • Humo y espejos : testu motzagoak ageri dira eta osagai multimedien alde egiten du. Baina ez du inolako egiletzarik aitortzen eta ez du diseinua zaintzen. Hori bai, Interneterako idazten du.

  • Influencias : Heroes blogaren itxura berekoa da baina edukitan pobreagoa. Ez du tag-ik erabiltzen, ez dauka etiketentzako atalik. Eta hamaika hilabatetan zortzi sarrera soilik publikatu ditu. Zertarako dauka blog bat? Ez baldin badauka kontatzeko ezer...

  • Ja-ja: Jesus Zulet El Correoko umorista da eta blog honetan bere binetak erakusten ditu. Sarrerak etiketatuta eta batzutan testuz lagunduta daude, baina aztertutako beste lau blogetan bezala, oro har, ez dauka feedback-ik publikoarekin. Oso iruzkin gutxi dauzka.

Azterketarako egokitu zaizkidan blog guztiak Elcorreo.com-ekoak izan dira eta guztiak hedabideak ahalbidetzen duen plantila batean oinarrituta egin dira. Komunikabideak bertako profesionalei, adituei, zein erabiltzaileei plantila bera uzten die aukeran, beren plataforma komunikatiboa izan dezaten. Ondorioz guztiek itxura bera eta sekzio berak dituzte. Nire iritziz, blog hauei multimediatasuna falta zaie. Bai oinarrian (edukiak sortzerakoan Sarerako egiteko kontzientziaz aritzea) eta baita praktikan ere (ez dute interakziorako bide asko). Finean, hobetu daitezke.

2010/11/25

Gai hunkigarriak teknologia berrien eta masa kulturaren garaian

Azken bi asteetan sexu eta biolentziaren trataera landu dugu Santirekin klasean. Gaur amaitu dugu ikasgaia eta bukatzeko lan txiki bat aurkeztu dugu. Bakoitzak irudi bat aukeratu du eta bere testuingurua, trataera, elementuak... aztertu ditu. Hona hemen World Press Photo erakusketan aukeratu nuen irudiaren azterketa:



Audio erreportajea: gazteak eta bizi ereduak

Soinu istorioa eta gero soinu erreportajea egiteko eskatu zitzaigun Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak ikasgaian. Gazteriaren inguruko bigarren talde lan honetan, gazteon bizi ereduen inguruan hausnartu dugu. Horretarako, edozein gazteren larunbat bat hartu dugu ardatz. Goizean jeiki eta irratia piztuko du gure protagonistak, Internet bidez komunikatuko da eta eguna ongi amaitzeko bikotearekin geratu eta parrandan aterako da.

XXI. mendeko gizarte honek hainbat topiko eta estereotipo helarazten dizkigu gazteoi gure bizi ereduak markatzeko asmoz. Bizi eredu kapitalista inposatzeko saiakera hori salatzen saiatu gara lan honetan.


Gazteok eta bizi eredua by keikrass

2010/11/04

Soinuen bidez komunikatzen

Soinuen bidez istorio bat kontatzeko lanari ekin genion atzo Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak irakasgaian. Irratia ulertzeko beste modu bat helarazten saiatu dira irakasleak, guk, sormen lan txiki bat egitea lortu dugu eta bide batez Audacity programa ezagutu eta erabiltzea. Masterreko bigarren modulu honetan taldeka banatu gara proiektutxoak sortzeko. Gazteriaren inguruko hiru lan egin behar ditugu eta hauxe da lehenengoa:

Bortxaketa by keikrass

 Zer gertatzen da? Zer komunikatu nahi izan dugu lan honekin? Zuen erantzunak espero ditut!

2010/10/27

Audacity ezagutzen

Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak irakasgaia hasi dugu. Ideiarik ere ez daukagu soinua nola editatzen den multipistan beraz, lehenik eta behin audio edizio programaren bat erabiltzen ikasi beharko dugunez, Audacity-a deskargatu eta trasteatzen hasi gara. Hotsen bidez minutu bateko istorio bat kontatzeko erronka jarri ziguten atzo klasean, hona emaitza:

Soinu istorioa by keikrass

Norbaitek ulertzen ez badu, edo hobetzeko asmoz kritikak egin nahi baditu, ongi etorria izango da!

2010/10/21

Mikel Ayestaran: berriemaile berezia

Gaurko eskola Mikel Ayestaran kazetariak eman digu. Mikelek freelance bezala egiten du lan EiTB zein Vocento taldeentzako eta gehienbat Libano, Siria, Afganistan, Irak, Pakistan eta Iran aldetik ibiltzen da, beti motxila aldean eta istorio bila.

Pertsona interesgarria eta gertukoa iruditu zait. Garbi dauka albisteak ez direla edozelan lortu behar. Gerra kazetaritza egiterakoan erraza bezain ohikoa da trataera morbosoaren bilaketa eta baita askotan, dolarrez zikindutako argazki zein testigantzen emaria. Mikelek argi utzi digu zein den bere ikuspuntua: herritarren aldekoa. 

Mikel Ayestaran: "Multimedian edukia menperatzea baino errazago da teknika menderatzea"

Hitzaldian aipatutako gauza esanguratsuenak bildu ditut zuekin elkarbanatzeko:
  • Teknologiak irudia demokratizatu du: garrantzitsuena azkartasuna da.

  • Multimediak azkartasuna inposatzen du, kalitatea arriskuan jarriz.

  • Gero eta kamera berri eta modernoagoak daude baina profesional gutxiago. 

  • Erreportajegintzan bertako ikuspuntua bilatu behar da. Garbia izan biktimekin, istorio pertsonalak bilatu eta baimenak eskatu, beti. 

  • Komunikabideetan gerra kazetarien albisteak bigarren planokoak dira, lehenengoak informazio agentziek filtratzen dituztenak dira. Hortaz, informazio agentzien ohiartzuna aprobetxatu behar da beste istorioak txertatzeko. 

  • Egunkariak sakontasuna ematen du. Telebistak aldiz, indar eta eragin gehiago dauka: helburuaren arabera euskarri bat edo beste hautatuko da (kontuan izan gainera, hedabide bakoitzak hartzaile ezberdinak dituela). Multimediak aipatutako helburuok uztartu beharko lituzke.

Informazio gehiagorako Mikelen bloga eta Youtubeko kanala bisitatu.

2010/10/14

Anboto.org, Publico.es eta Le Monde.fr : interaktibitate maila

Tokian tokiko, espaniako eta nazioarteko hiru ziberegunkari aztertu ditugu urriaren 5 eta 6a bitartean, Koldo Mesok pasaturiko azterketa gida bat oinarri hartuta. Interaktibitatearen inguruko analisia egiteko aukeratu ditudan hedabideak Anboto.org, Publico.es eta Le Monde.fr izan dira. Bai hurrenkera geografikoz, baita, interaktibitate mailari dagokionean ere. 

Aztergai batean ere ez da herritarren parte hartzerako espazio zehatzik ageri. Hortaz, erabiltzaileak ez dauka bere interakziorako pentsaturiko inolako txoko zehatzik. Hala ere badaude beste hainbat bide. Esaterako, Anbotok eta Le Mondek inkestetan parte hartu eta emaitzak ikusteko aukera eskaintzen dute. Azken horrek eta Publicok aldiz, lehiaketak zein chat-ak eskaintzen dituzte eta hedabide frantsesak, aktibo dauden foroak ere baditu.

Anbotoren interaktibitate maila hiruretan bajuena da. Bertako albisteak feed-ak jasotzeko aukera eskaintzen duten arren, irakurtzeko soilik dira. Publicok aldiz, erregistratuz gero, albisteak iruzkintzeko aukera dauka eta gainera, bozkatu, gorde, inprimatu eta Sarean elkarbana daitezke. Hedabideari dagozkion blog propioez gain, erabiltzaileari komunitateak sortzeko aukera ere ematen dio. Hala ere, ezin daitezke ez albisteak, ezta bideoak bidali hedabidera, nahiz eta erredakziora zein autoreen e-postetara idazteko aukera badaukan. Albisteen tipografia eta tamaina moldatu daitezke eta rss bidez jarraitzeko aukera dago. Gainera Facebook eta Twitter sare sozialetan ageri da.

Le Monde osatuena eta aurreratuena da interakzioaren aplikazioan baina hilean sei euro ordainduz gero soilik goza ditzake erabiltzaileak bide honetan garatutako baliabideak. Bai Publicoren kasuan ageri diren denak eta baita, blogak sortzeko, argazkiak zein albisteak bidaltzeko, informazioa nahierara hierarkizatzeko edota edukiak erabiltzailearen arabera moldatzeko aukerak.

Beraz, Le Monde da teknologikoki hedabide interaktiboena baina badirudi etorkizuna ordainpekoa izango dela. Ederra litzateke interakzio maila bera eskaintzea dohainik eta denontzat, bai nazioarteko hedabideek eta baita tokikoek ere.

2010/10/04

Aurkezpena

Kazetaritzan lizentziatu berri den elorrixarra naiz. Leihoak ireki blog honetatik multimedia komunikaziora salto egiteko asmoa daukat. Izan ere, lizentziatura amaitu berri eta praktikarik gabe nagoenez etorkizunera begira garrantzitsua izango den esparru honetan murgildu nahi dut. Horretarako, lehenik eta behin nire mundu komunikatiboaren leihoak garbitu beharko ditut, ondoren, ireki eta salto egiteko. Gogotsu nator Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterrera.