Mostrando entradas con la etiqueta Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa. Mostrar todas las entradas

2011/06/15

Hoy: Bilbao Kultur Lab

Bilbao Kultur Lab Bordeleko unibertsitateko ikasleekin batera Bilbon burututako kazetaritza proiektu bat da. Pasadan maiatzaren 7tik 14ra, Multimedia Komunikazioa EHU-EITB masterreko lau ikasle elkarlanean aritu ginen frantziarrekin. 


www.bilbaokulturlab.com web gunean batu ditugu sortutako lan guztiak. Kulturaren betaurrekoak jantzita begiratu behar izan dugu Bizkaiko hiriburua, horixe izan da, amankomunean izan dugun ardatza, hortik aurrera, bakoitzak berea. 

Baina zer izan da eta nola bizi izan dute Bilbao Kultur Lab Bordeleko ikasleek? Marc Bouchage-n hitzak:

2011/03/05

Zein leku dute ikus-entzunezko produktuek multimedia diskurtsoan?

Multimedia diskurtsoan ikus-entzunezko produktuek duten lekua aztertzen aritu naiz. Eta diskurtso multimedia falta zaigula ondorioztatu dut.

Izan ere, gero eta bideo gehiago aurki ditzakegu ziberkomunikabideetan, baita euskarazkoetan ere baina ikus-entzunezko horiek txertatuta edo integratuta daude dagozkien euskarrietan?

Bideoen funtzioa bestelako medien bidez zabaltzen den informazioa osatzea izan ohi da, edota errepikatzea. Oraindik gutxi dira izaera autonomoa duten piezak, eta gutxiago multimedia diskurtso batean integratuta daudenak. 

Hedabideek gero eta hobeto ezagutzen dute Sarea, eta gero eta hobeto menperatzen dituzte honen teknikak. Multimedia diskurtsoa lantzea falta zaie baina pausuak ematen hasiak dira. Beraz, ez da denbora asko falta ikus-entzunezko produktu integratuak gure ziberkomunikabideen informazio eremu nagusietan aurkitzeko.

2011/03/04

Multimedia erreportajea: bereizgarriak eta erronkak

Sarearen iraultzak kazetaritza tradizionalaren eraldaketa ekarri du, eta noski, genero guztiei eragin die aldaketak, erreportajeari baita. Egun, multimedia erreportajeaz dihardute aditu zein arituek. Baina zerk bereizten du erreportaje multimedia betiko erreportajetik? 

Sarearen baliabideek, eta nagusiki, bitarteko horietako hiruk: hipertestuak, multimediatasunak eta interaktibitateak.

Hipertestua: lotura bat duen testua da, klikatzean beste norabait eramango gaituena. Hipertestuari esker, informazio osatuagoa eskaini edo informazio iturriak erakus daitezke, testua luzatu beharrik gabe. Gainera, edukien arteko loturak egiteko funtzioa ere badauka, horrela, erabiltzaileari nabigatzeko bide bat(zuk) proposatuz.

Multimediatasuna: ezaugarri honetatik hartzen du izena Sareko erreportajeak. Izan ere, orain arteko mugak gainditu eta medio guztiak integratzea ahalbidetu du Sareak: ahotsa, soinua, irudia, bideoa eta testua.

Interaktibitatea: hipertestuaren erabilerak igorle eta hartzaileen arteko elkareragina sustatzen du. Edukiak elkar lotuz, hartzaileak nolabaiteko askatasuna baitauka erreportajean zehar nahierara nabigatzeko. Gainera, iruzkintzeko zein edukia zabaltzeko aukerak daude, foroetan parte hartzeko bideak, inkestak, online elkarrizketak... interaktibitatearen eskutik etorriko da aldaketa.

Sareak kazetaritza parte hartzailea ahalbidetzen du. Hau da, bere baliabideak era eraginkorrean ustiatuz gero eta egungo jendarte pasiboan txip aldaketa bat emanez gero, herritarrok elikatuko dugu kazetaritza etorkizunean. Erronka eta aukera paregabea iruditzen zait, erabat demokratikoa.

2011/01/20

Zer egin zibertestuak kalitatezkoak eta eraginkorrak izateko?

Ahozko zein idatzizko zibertestu bat kalitatezkoa eta komunikatiboki eraginkorra izateko hainbat erabaki hartu behar dira aurretiaz. Bai sorreran eta baita planifikazioan, hainbat urrats eta erabaki linguistiko-diskurtsibo kudeatzen dira. Prozesu hori gehienetan era inkontzientean egiten dugu baina batzutan, une batez gelditu eta prozesuaren kontzientzia hartzea onuragarria da.
  • Zeintzuk dira prozedura-urrats nagusiak?
  • Zeintzuk dira erabaki linguistiko-diskurtsiboak?
  • Erabaki horiek, testuinguratzeari dagozkio? Egituratzeari? Testuratzeari?

Garrantzitsuena testuaren helburua argi eta garbi izatea da. Zer, nori, non, nola. Hasteko zertaz arituko garen erabaki behar dugu eta erantzuna ahalik eta gehien definitu, zertaz zehazki? Behin gaiaren ikuspuntua eta helburua zehaztuta hartzaileari erreparatu behar diogu eta baita euskarriari zein komunikabideari. Hiru puntu horiek aztertuta zibertestua nola gauzatu erabakitzea besterik ez zaigu geratuko. Prozesu osoan zehar, pausu bakoitzari dagozkion erabaki linguistiko-diskurtsiboak hartuko ditugu eta horietan oinarrituta eratuko dugu zibertestua. 

Halaber, Sarerako zibertestuak egiterakoan berebiziko garrantzia duten hiru ezaugarri daude, beti, ibilbide osoan zehar buruan izan behar ditugunak: multimediatasuna, hipertestua eta interaktibitatea.