2011/01/22

Kultura bonua spot lehiaketak ez daki euskaraz

Izendatu dituzte kultura bonua spot lehiaketako irabazleak. Eitb eta kulturklik atariek gaztelera saritu dute, euskara ez omen dute ulertzen.

Kultura bonua Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abian jarritako ekimena da. Bonoak 25€ balio izan du, baina kanpaina horretara atxikitutako 366 saltokietan, 40€-ko gastua egin ahal izan dute bonoaren jabeek. Bonoaren helburua kulturaren kontsumoa sustatzea izan da. Bonoarekin liburuak, musika, pelikulak, zine sarrerak, zuzeneko ikuskizunak... erosi ahal izan dira. Eusko Jaurlaritzak orotara, 59.000 bonu jarri ditu eskuragarri, hau da, 885.000€ bideratu ditu ekimen horretarako.

Baina, kultura sustatzeko kontsumoa sustatu behar al da? Ekimen hauxe gabonetan egitea ez al da kasualitate handiegia? Zein da benetako helburua? Gure herrian sortzen diren kultur ekimenek kontsumoa sustatzea edo ekimenak sustatzea behar dute? Uste nuen kultura herriak egiten duela eta herriak laguntzak behar dituela kultura hori gauzatzeko, ez erosteko. Ezen, kontsumozko kultura honetan, kontsumitzen dena soilik al da kultura? Kontsumitzen den horrek soilik balio al du gure kultur nortasuna sendotzeko? Edo errentagarria bada balio du eta bestela ez? Aberastasuna ez litzateke eurotan soilik neurtu behar, horrela bide batez, ez ginateke hain pobre sentituko gure egunorokoan.

Bigarren urtez egin dute ekimen hau eta aurtengoan, iaz baino %6 bonu gehiago saldu dira Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuaren arabera. Gainera aurten, berritasun modura, Interneteko bideo-spot lehiaketa jarri dute abian Eitb.com eta Kulturklik atariekin elkarlanean. Lehiaketaren helburua kultura bonuak izan ditzakeen erabilera eta aplikazio ugariak erakustea izan da. Eta bide batez, "kultura dibertsio iturri izateaz gain, norbere burua aberasteko eta kultura garatzeko balio duela erakustea". Bada lehiaketara 37 lan aurkeztu dira. Guztira 6.000€ banatu dituzte hiru irabazleren artean eta 10 kultura bonu bi bozkatzaileren artean.

Kulturklik, Eusko Jaurlaritzaren kultura Sailaren ekimen bat da. Euskal Kulturaren gune elkarreragile bezala definitu dute euren atarian. Eta zer da EITB? Euskal Irrati Telebistak kate publikoa beharko luke izan. Publikoa den heinean gizartearen zerbitzura dagoen komunikabidea beharko luke izan eta euskal den heinean, euskal komunitatearena. Izena euskaraz badauka izana ere euskaraz beharko luke izan.

Eusko Jaurlaritza, euskal kultura eta euskal irrati telebista... eta sarituako hiru bideo lanak... Gazteleraz!!! Ai ene, inuxenteak bagara ba e... Gure spot-a bi hizkuntzatan egiteko lana hartu genuen eta gure inonzentzian uste izan dugu, horrelako ekimen batek ez duela gure hizkuntzaren egoera diglosikoa indartzeko erabakirik hartuko. Zenbat ostiko hartu behar ditugun oraindik! Baina beno, hain anormala ere ez da. Izan ere, herri honetako agintari gehienek euskara ez ulertzea normala bada eta EITBren zuzendariak bere kateek diotena ulertzen ez badu... Izaki elebidunak gara anormalak herrri honetan. 

Albisteak eta lehiaketaren bilakaerak amorrarazi egin ninduten eta hainbat gogoeta egin ditut egunotan. Hona antolatzaileei helarazi nahi dizkiedan kritikak:

- Parte hartzaileonganako arreta falta. Mezu bat bera ere ez dugu jaso. Ez lana jaso dutela jakinarazteko, ez sailkatuak izan garen edo ez esateko, ezta parte hartzeagatik eskerrak emateko.

-Spot bozkatuenak 1.000€-ko saria jaso du. Kontaketa sistema iruzur bide galanta izan da. Kontaketa %tan egin dute eta ez botu kopurutan, zenbakitan. Zergatik? Halaber, euskarazko bertsioko emaitzak eta gaztelerazko atarikoak ez zetozen bat.

-Data aldaketak. Irabazleen izenak urtarrilaren 18an kaleratu behar zituzten, egun osoa pasa genuen zain eta arratsaldean hurrengo egunera luzatu zuten erabakia. Inolako arrazoirik ez.  

-Saritutako hiru lanak gaztelerazkoak dira. Eta kalitatea ez da justifikazio. 

-Aztertu jarraian datorren grafikoa. Aurkeztutako 37 lanak ageri dira, kolore ezberdinez hizkuntzaren arabera eta Youtuben izandako ikustaldi kopuruaren arabera ordenatuta. Nola da posible spot bozkatuena horren gutxitan ikusi izana? Guk ere lagun pila ditugu, horregatik ageri gara goiko aldean, gure lagunek bozkatu eta ikusi egin gaituztelako.



Datorren urterako aholkuak: 6.000€ horiek hartu eta zuen lagunen bati eskatu spot-a egiteko. Eta slogana aldatu: Con C, con K consuma cultura-ri kendu K! Con c consuma cultura! Amen!

Nik ez dut zirko horretan parte hartuko!

2011/01/20

Zer egin zibertestuak kalitatezkoak eta eraginkorrak izateko?

Ahozko zein idatzizko zibertestu bat kalitatezkoa eta komunikatiboki eraginkorra izateko hainbat erabaki hartu behar dira aurretiaz. Bai sorreran eta baita planifikazioan, hainbat urrats eta erabaki linguistiko-diskurtsibo kudeatzen dira. Prozesu hori gehienetan era inkontzientean egiten dugu baina batzutan, une batez gelditu eta prozesuaren kontzientzia hartzea onuragarria da.
  • Zeintzuk dira prozedura-urrats nagusiak?
  • Zeintzuk dira erabaki linguistiko-diskurtsiboak?
  • Erabaki horiek, testuinguratzeari dagozkio? Egituratzeari? Testuratzeari?

Garrantzitsuena testuaren helburua argi eta garbi izatea da. Zer, nori, non, nola. Hasteko zertaz arituko garen erabaki behar dugu eta erantzuna ahalik eta gehien definitu, zertaz zehazki? Behin gaiaren ikuspuntua eta helburua zehaztuta hartzaileari erreparatu behar diogu eta baita euskarriari zein komunikabideari. Hiru puntu horiek aztertuta zibertestua nola gauzatu erabakitzea besterik ez zaigu geratuko. Prozesu osoan zehar, pausu bakoitzari dagozkion erabaki linguistiko-diskurtsiboak hartuko ditugu eta horietan oinarrituta eratuko dugu zibertestua. 

Halaber, Sarerako zibertestuak egiterakoan berebiziko garrantzia duten hiru ezaugarri daude, beti, ibilbide osoan zehar buruan izan behar ditugunak: multimediatasuna, hipertestua eta interaktibitatea.

2011/01/17

Kultura bonua spot lehiaketa

Eitb.com eta Kulturklik-ek antolatutako kultura bonua iragartzeko spot lehiaketan parte hartu dugu. Ti-Ta produksions oporretan egon da orain gutxi arte baina urte berriarekin batera proiektu berriz bete dugu gure agenda.

Lehenengoa kultura bonua zer den eta nola erabili behar den azaltzeko spot bat egitea izan da. Irudimena martxan jarri eta botoiez osatutako stop motion bat egin dugu. Kultura bonua izeneko animazioa urtarrilaren 9an igo genuen sarera eta bihar jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.

Hiru sari banatuko dira. Lehenengoa eta bigarrena epaimahai batek emango ditu, 3.000€ eta 2.000€ hurrenez hurren. Hirugarrena aldiz, spot bozkatuenak jasoko du.

Lan txukuna egin dugulakoan gaude eta promozio kanpaina itzela. Hala ere, urduri jartzen ere hasi gara, boto batzuk gehiago ez zaizkigu gaizki etorriko. Gaur da bozkatzeko azken eguna, beraz, hona link-a eta gure esker ona: http://www.eitb.com/kultura/kultura-bonua/

2011/01/05

Erretzaile anonimo baten gogoeta adiktiboak

Bapatean erretzaileak bihurtu gara gizartearen arazo larriena. Geu gara kalearen minbizia. Futbolaren gaia baino astunagoa bilakatu da erretzearen aurkako legea. Aurkakoa, mugatzailea. Separatista.

Hemen ezin da, atearen parean ezta, joan harutzago, erne! ume bat pasatzera doa, kontuz! hutsik dagoen parke horretan txirrista jartzen ari dira... Itzali zigarroa auzokoak salaketa jarri baino lehen. Zein gozoa den anonimotasuna eta zein miserablea bakardadea, asperdura. Lehen ere polizia gutxi genituenez denok bihurtu gara orain txakur. Txakur alienatuak. Gure kaka jasotzen ikasi ez dugulako maite dugu albokoarena batzea. Ohituta gaude. Gixajoak gu, noraezean gabiltzan erretzaileak, eskerrak estatuak gure osasuna zaintzeko betebeharra sentitzen duen bestela... pobreagoa litzateke eta ez luke minbiziari aurre egiteko aurrekonturik edukiko.

Hipokresia eta interes ekonomikoa. Farmazien presioren bat tarteko. Narkotizatzeko balio handia duen aitzaki perfektua? Ke ba! Esnatu! Adikzio zikin eta ketsu baten ideia zentzugabeak besterik ez dira horiek! Nikotina gabeziak aluzinazioak eragiten ditu.

Ez didazue esango tabernak ez daudela tristeago? Garbiago baina hutsago. Eta jendarte zibilizatua ardiak baino otzanago kalean, denak ilaran, obediente. Minbizia sortzen dien salbatzaileari musu ematen, estatua aberasten eta gripea epidemia bihurtzen. Oraindik ezin dute isunik jarri baina kasu egiten dugu, inoiz ikusi ez bezala, sikiera desobedientzia piska bat mesedez. Orain arte ere, ilegala zen porroak erretzea, baina nire herrian ez zegoen legerik, punkiak zeuden, besterik ez. Orain porretak ere errespetatzen dute lege zibiko berria. Hori bai, kanpoan hotza egiten du eta porroak tabernan biltzen dituzte. No future.

Amaitu da erretzaileon pagotxa. Jendarte garbi, osasuntsu, kirolari eta ederrarentzat soilik da zilegi askatasuna. Kalea da kirastunon habia. Aurrerantzean adi, batek daki zeren txanda izango den hurrena. Laister agian etxean erretzen dutenena, edo bodegetara egiten diren ibilaldiena, edo kafeinomanoena, batek daki, agian, ikasteko ohitura arraro hori dutenena, irakurtzen dutenena, amets egiten dutenena eta noski, utopietan sinesten dugunona. Eta inork ez du protestatuko, ezta sinbolikoki ere, iada pentsatzen jakingo ez dugulako. Eskerrak emango ditugu. Egoera berriaren ontasunak goraipatuko ditugu lagun birtualei ere burukomina sortu arte. Eta bitartean, estatuak nahi duena egingo du berak emandako bazkarekin jolasean dabilen publiko entretenituarekin.

Erretzaileon errua izango da, lan eta pentsio erreformaren aldaketa ere. Berriz diot, no future!
Inozoa ni, estatuak jendarte garbi, osasuntsu, kirolari eta ederra nahi du hil arte lan egiten jarraitzeko eta edertasunak itsututako oparotasun faltsusko egunerokotasunean zorintsu izateko. Suizidak ere ilegalak dira, baina nik, inork agintzen ez didalako dut maite maite dudana. Gutxi biziko gara eta lan mordoa egin beharko dugu goserik ez pasatzeko, utz nazatela nahierara suizidatzen!