2010/11/26

Ez dakizula asteburuan zer egin? World Press Photo eta Izarren Argia

Pare bat proposamen : World Press Photo eta Izarren Argia

Biak dira ariketa salatzaile hausnareragileak. Egun izkutarazten saiatzen diren intentzionalidade iraultzaile eta noble baten emaitza diren produktu artistikoak. Gasteizen ikusgai dagoen erakusketa,
Mikel Ruedak zuzendutako filmearekin alderatuz gero, argazkitan dagoen artea ariketa gordinagoa dela esan genezake. Izan ere, ez da gauza bera langaia errealitatea+fotograma bat edo errealitate fikzionatua+milaka fotograma izatea. Poetikoagoa da luzemetraia, arinagoa, leunagoa eta aldi berean, gertaera latz baten oihu garratza. 

Euskarazko zinea atsegin dut. Baina errealismoa ere maite dut. Orain ez asko ikus-entzunezko produktuek beharrezko duten errealismoaz aritu nintzen hizketan lagun batekin eta Izarren Argia ikusten hasi eta... Ale! Militar frankistak eta mojak euskaraz! Euskara zuzen eta garbian gainera! Agian ni izan nintzen harritu zen bakarra, agian euskaraz aritzen ziren eta nire inkultura historikoa aireratzen nabil post honetan, baina mesedez, egizue bertsio originalaren aldeko apustua. Eta euskara azpitituluetan sartu. Ez dut uste gure hizkuntzaren normalizazioa distortsioaren eskutik helduko denik.

Guztiok animatzen zaituztet bi zita hauetara. Gertaerak kontatu egin behar baitira, unean salatu eta salaketa horietaz harago joan, buelta eman. Gero, urteak pasa ondoren horrelakoak esateko eta kontatzeko beharrik izan ez dezagun: No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos.


Bi adierazpide hauek ikaragarri gustatu zitzaizkidan baina, asteburu honetarako, umore piskat nahi dut. Horregatik (eta lagun batzuk ona dela esan didatelako, obraren ideia polita iruditu zaidalako, erreferentziak gustatu zaizkidalako....) gaur, Errautsak antzezlana ikustera noa. Norbaitek intentzio bera baldin badu, asteburu honetan bi aukera ditu: Elorrioko Arriola Antzokian gaur 22:00etan, edo bihar Durangon. 

Egiten duzuena egiten duela... Ongi pasa asteburua!

Elcorreo.com-eko blogen analisia

Elcorreo.com atariko bost blog aztertu ditut. Horretarako, hedabideen interaktibitate maila aztertzeko erabilitako metodologia bera aplikatu dut, hau da, hainbat parametro kontuan hartzen dituen azterketa gida bat. Goazen harira:
  • Game over : bideo eta argazki pila bat sartzen ditu post-etan baina ez du horien egiletza aitortzen. Ez dauka estilo propiorik eta gainera ez du irudia batere zaintzen. Hainbat tamainatako argazki zein bideoak darabiltza, kokapen zeharo ezberdinekin eta gainera, irizpide ez parekoen arabera antolatzen ditu sarrerak. Halaber, testu luzeegiak idazten ditu, soberako informazioaz mintzo da. Izan ere, informazioa zabaltzeko testu loturak darabiltza, hortaz, horien erabilera egokia eginez gero testua ez litzateke horrenbeste luzatu behar. 

  • Heroes : Testuak oso luze, loturarik ez eta bideorik ere ez. Argazkiak badaude baina aurrekoan bezala, Internetetik hartuak dira eta ez da egiletza aitortzen. Bertako edukia tradizionala da, ez da Sarerako sortu. 

  • Humo y espejos : testu motzagoak ageri dira eta osagai multimedien alde egiten du. Baina ez du inolako egiletzarik aitortzen eta ez du diseinua zaintzen. Hori bai, Interneterako idazten du.

  • Influencias : Heroes blogaren itxura berekoa da baina edukitan pobreagoa. Ez du tag-ik erabiltzen, ez dauka etiketentzako atalik. Eta hamaika hilabatetan zortzi sarrera soilik publikatu ditu. Zertarako dauka blog bat? Ez baldin badauka kontatzeko ezer...

  • Ja-ja: Jesus Zulet El Correoko umorista da eta blog honetan bere binetak erakusten ditu. Sarrerak etiketatuta eta batzutan testuz lagunduta daude, baina aztertutako beste lau blogetan bezala, oro har, ez dauka feedback-ik publikoarekin. Oso iruzkin gutxi dauzka.

Azterketarako egokitu zaizkidan blog guztiak Elcorreo.com-ekoak izan dira eta guztiak hedabideak ahalbidetzen duen plantila batean oinarrituta egin dira. Komunikabideak bertako profesionalei, adituei, zein erabiltzaileei plantila bera uzten die aukeran, beren plataforma komunikatiboa izan dezaten. Ondorioz guztiek itxura bera eta sekzio berak dituzte. Nire iritziz, blog hauei multimediatasuna falta zaie. Bai oinarrian (edukiak sortzerakoan Sarerako egiteko kontzientziaz aritzea) eta baita praktikan ere (ez dute interakziorako bide asko). Finean, hobetu daitezke.

Debako animazio zinemaldia, Animadeba

Debako Udalak Animazio zinemaldia antolatu du aurten hirugarrengoz. Animadebaren zita abenduaren 26-30 bitartetan izango da eta jaialdia iragartzeko gortina lehiaketarako deialdia ere egin dute. Hona hemen Ti-Ta produksions-en egin dugun stop motiona.

2010/11/25

Gai hunkigarriak teknologia berrien eta masa kulturaren garaian

Azken bi asteetan sexu eta biolentziaren trataera landu dugu Santirekin klasean. Gaur amaitu dugu ikasgaia eta bukatzeko lan txiki bat aurkeztu dugu. Bakoitzak irudi bat aukeratu du eta bere testuingurua, trataera, elementuak... aztertu ditu. Hona hemen World Press Photo erakusketan aukeratu nuen irudiaren azterketa:



Audio erreportajea: gazteak eta bizi ereduak

Soinu istorioa eta gero soinu erreportajea egiteko eskatu zitzaigun Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak ikasgaian. Gazteriaren inguruko bigarren talde lan honetan, gazteon bizi ereduen inguruan hausnartu dugu. Horretarako, edozein gazteren larunbat bat hartu dugu ardatz. Goizean jeiki eta irratia piztuko du gure protagonistak, Internet bidez komunikatuko da eta eguna ongi amaitzeko bikotearekin geratu eta parrandan aterako da.

XXI. mendeko gizarte honek hainbat topiko eta estereotipo helarazten dizkigu gazteoi gure bizi ereduak markatzeko asmoz. Bizi eredu kapitalista inposatzeko saiakera hori salatzen saiatu gara lan honetan.


Gazteok eta bizi eredua by keikrass

Azaroak 25: indarkeria sexistarik ez!

Gaur, azaroak 25, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da. Euskal Herriko leku gehientsuenetan bezala, Elorrion ere, hainbat ekintza programatu dira gaurko. Arratsaldean izango dugu zita elorriarrok. 19:30etan kontzentrazioa egingo da herriko plazan eta ondoren, 20:00etan, indakeria matxistaren bestelako adierazpenak ezagutarazteko dokumental emanaldia burutuko da Iturri Kultur Etxean. Ekimen xume horretan egin digute lekua Ti-Ta produksions-ekooi. Beldur Barik! lehiaketara aurkeztu genuen lana proiektatuko dute bertan. Ilusioa egin digu berriak eta pena handia da bertan egon ahal ez izatea, baina aukera gehiago izango direlako esperantza daukagu...

Garai batean San Isidro edota Santa Eulalia bezalako egunak ospatzen ziren, egun, egutegiek izena eta izana ere aldatu dituzte. Orain ez dakit zeren aldeko eta kontrako egunak "ospatzen" ditugu eta tamalez, denak dira salaketa edo kontzientziazio asmoz ezarritako datak. 

Bestalde, gogoratu larunbat honetan, azaroak 27, Beldur Barik! jaialdia ospatuko dela Bilbon. Bertaratzeko asmoa duenak edo nondik norakoak ezagutu nahi dituenak hementxe bilatuko du informazioa: http://www.beldurbarik.org/

2010/11/09

24OD: Ni ez naiz... film laburra

Bosgarren edizio honetan 15 taldek hartu dugu parte 24 Ordu Digitalean lehiaketan. Inoiz baino kalitate gehiago izan da aurten, beraz, lan politak ikusteko aukera izan dugu. Aurtengo oinarriak hauexek izan dira:

- Gaia: Iruzurra
- Esaldia: "Legea egin zunak, tranpia egin zun"
- Objektua: Hautsa

Guk, hamaika buelta eman genizkion buruari eta afal ordurako argi genuen zein izango zen gure aurtengo lana, baita nola egingo genuen ere. Gainera laguntzaile musikariak ere bagenituenez abesti bat egitea bururatu zitzaigun. Lana osatzeko eta gure mezua ulertarazteko. Baina azkenean, soinu grabaketa eskasa zela eta filma jantzi beharrean, biluztu egin zuen musikak, hutsik laga. Hala ere, poz-pozik entregatu genuen gure lana. Nahiz eta gutxi jan eta are gutxiago lo egin, ikaragarri ondo pasa genuen. 

Hori bai, gure hausnarketatxoak ere egin ditugu eta datorren urterako istorio sinple bat egiteko erronka jarri dugu. Ez dakit gure burmuinek utziko diguten baina hala izan dadila! Izan ere, emanaldia amaitu eta gure lanaren inguruan hizketan entzun genituen gehienek ez zuten filma ulertu. Hementxe duzue ikusgai, eta norbaitek ulertzen ez badu galdetu dezala edota bere inpresioak bota ditzala. Blog honek izango lukeen lehen iruzkina litzateke, hala bada, gustora-gustora erantzungo dut. Goza dezazuela!

Kameratoia: seigarren edizioko film irabazleak

Hauek izan dira KAMERATOIA 2010eko irabazleak: 

3. SARIA: 900 EURO
TALDEA: PuntutAparte
FILMA: “Ermugarra” 





2. SARIA: 1.200 EURO
TALDEA: Zapatilla Films
FILMA: "Biak bat"




1.SARIA: 1.500 EURO
TALDEA: Epalzaren Alargunak
FILMA: “II”




Ederrak dira hiru lanak bai horixe! Zorionak sarituak izan zareten guztioi eta besteoi, gu bezala bidean aritu zaretenoi, zorionak baita ere eta segi lanean. Ondo pasatzeaz gain proiektuz proiektu zerbait gehiago ikasten baita beti. Datorren urtera arte!

2010/11/05

Badator 24OD bideo lehiaketa

Heldu da eguna. Gaur hasten da 24 ordu digitalean film labur lehiaketa. Gogotsu geunden eguna iristeko zain. Hainbat lantxo egin ditugu orain arte baina hauxe da benetan atsegin duguna. 24 ordu besterik ez. Istorio bat sortu, grabatu, muntatu eta azkenik, onena (saria bera baino gehiago agian), egindakoa zineko pantaila handian ikusi. 


Arratsaldeko bostetan argituko dute bosgarren edizio honetako gaia, esaldia eta objektua. Eta bihar bostetan entregatu beharko da lana. Hainbat taldek eman omen dute izena honezkero, hortaz ziur, polita izango dela! 

Emanaldia bihar izango da gaueko 10etan eta ondoren sari banaketa. Guk entrenamendu piskat egin dugu aurten eta ekipo teknikoa prest daukagu. Orain bapo bazkaldu, siesta gozo batetik esnatu eta kaleak astintzera aterako gara! 

Gaur gurekin gurutzatzera doanak grabaketei fobia badie buelta erdia eman eta alde egitea izango du onena. Abisatu duena barkatuta omen dago... Parasito bihurtu eta daukagun onena ematen saiatuko gara!!!

2010/11/04

Soinuen bidez komunikatzen

Soinuen bidez istorio bat kontatzeko lanari ekin genion atzo Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak irakasgaian. Irratia ulertzeko beste modu bat helarazten saiatu dira irakasleak, guk, sormen lan txiki bat egitea lortu dugu eta bide batez Audacity programa ezagutu eta erabiltzea. Masterreko bigarren modulu honetan taldeka banatu gara proiektutxoak sortzeko. Gazteriaren inguruko hiru lan egin behar ditugu eta hauxe da lehenengoa:

Bortxaketa by keikrass

 Zer gertatzen da? Zer komunikatu nahi izan dugu lan honekin? Zuen erantzunak espero ditut!

Kameratoia 2010 film labur lehiaketa: Ito arte

Kameratoia film labur lehiaketan izena eman genuen aspaldi eta ia oharkabean heldu zen zita. Zertaz ari naizen ez dakizuenontzat Euskal Herriko Ikus-Entzuneko Rallyaren ezaugarriak aipatuko ditut. Film laburra egiteko gai bat eta ezaugarri batzuk banatzen dituzte antolatzaileek.

Horrela, parte hartzaile guztiok oinarri beraren gainean sortzen ditugu gure lanak. Aurtengoan Muga-mugan izan da landu beharreko gaia eta Ermuko 10 ezaugarriko zerrenda batetik hiru gutxienez islatu behar izan ditugu filmetan. Hauexek aukerak:
  • DROGETENITTURRI herri aldizkaria
  • Ego ibaia
  • Probalekuko harria
  • Eskilara mekanikoak
  • Plazako frontoia
  • Kaltxangoko kruzea
  • Abeletxe baserria
  • Errekalde
  • Skate parkea
  • Bost solairu baino gehiagoko etxea
Larunbatean batu ginen. Buruari behar beste buelta eman ondoren grabaketa lanak hasi genituen eta amaitzeko edizioa. Etzi izango da sari banaketa Ermuko Lobiano Kultur Gunean. Bertara hurbiltzeko aukera ez daukanak edota gure lana ikusteko horrenbeste itxaron ezin duenak hementxe dauka gure piezatxoa.