2011/03/04

Multimedia erreportajea: bereizgarriak eta erronkak

Sarearen iraultzak kazetaritza tradizionalaren eraldaketa ekarri du, eta noski, genero guztiei eragin die aldaketak, erreportajeari baita. Egun, multimedia erreportajeaz dihardute aditu zein arituek. Baina zerk bereizten du erreportaje multimedia betiko erreportajetik? 

Sarearen baliabideek, eta nagusiki, bitarteko horietako hiruk: hipertestuak, multimediatasunak eta interaktibitateak.

Hipertestua: lotura bat duen testua da, klikatzean beste norabait eramango gaituena. Hipertestuari esker, informazio osatuagoa eskaini edo informazio iturriak erakus daitezke, testua luzatu beharrik gabe. Gainera, edukien arteko loturak egiteko funtzioa ere badauka, horrela, erabiltzaileari nabigatzeko bide bat(zuk) proposatuz.

Multimediatasuna: ezaugarri honetatik hartzen du izena Sareko erreportajeak. Izan ere, orain arteko mugak gainditu eta medio guztiak integratzea ahalbidetu du Sareak: ahotsa, soinua, irudia, bideoa eta testua.

Interaktibitatea: hipertestuaren erabilerak igorle eta hartzaileen arteko elkareragina sustatzen du. Edukiak elkar lotuz, hartzaileak nolabaiteko askatasuna baitauka erreportajean zehar nahierara nabigatzeko. Gainera, iruzkintzeko zein edukia zabaltzeko aukerak daude, foroetan parte hartzeko bideak, inkestak, online elkarrizketak... interaktibitatearen eskutik etorriko da aldaketa.

Sareak kazetaritza parte hartzailea ahalbidetzen du. Hau da, bere baliabideak era eraginkorrean ustiatuz gero eta egungo jendarte pasiboan txip aldaketa bat emanez gero, herritarrok elikatuko dugu kazetaritza etorkizunean. Erronka eta aukera paregabea iruditzen zait, erabat demokratikoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario