2010/10/29

Gora dezibelioak!!!



Emakumeok hainbat indarkeri eredu jasaten ditugu. Bortitzena indarkeria fisikoa da. Baina zer gertatzen da hain agerikoa ez denean? psikologikoa denean? Ez da pentsatu behar indarkeria gizonezkoei dagokienik. Izan ere, ze paper daukagu emakumeok indarkeriaren zilegitasunean? Ez al dugu guk ere batzuetan distortsio inposatu hori elikatzen? Ez al gara gure ingurukoak mintzen, iraintzen, gutxiesten dibertitzen? Eta ez al ditugu geure buruak behin eta berriro txikitzen zein suntsitzen?

Nahikoa daukagu sistema patriarkal honek inposatzen dizkigun desberdintasunekin: lan baldintza prekarioenak, edertasunaren kanon irreala, sexuagatiko diskriminazioa... Eta gainera, indarkeria guzti hori gutxi balitz bezala, geuk beste batzuk sortzen ditugu. Emakumeon artekoa, geure buruekikoa. Badirudi urteetan zehar lotuta egonak, loturak sortzera eraman gaituela. Lan honetan salatu nahi izan dugu hori, lotura berrien produkzioa besterik ez baita. Autolesiora garamatzan amaierarik gabeko soka. 

Batzutan ahaztu egiten dugu baina GEU gara gure bizitzako protagonistak. Inork ez du gugatik sentituko, gozatuko, barre egingo. Jar diezaiogun bolumena gure bizitzaren soinuari. Entzun nahi ez duena izorra dadila! Gora dezibelioak!!!

2010/10/28

Beldur barik! adierazpen artistiko lehiaketa

Berdinsareak, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Udalen Sareak, Beldur Barik! lehiaketa antolatu du. Lehen edizioa da aurtengoa eta helburuak bete-betean konbentzitu gintuen: modu batera edo bestera emakumeen aurkako indarkeria zuzenean edo zeharka gaitzesten duen adierazpen artistiko oro, balioetsi eta sustatzea.

Ikus-entzunezko laburra egin dugu Ti-Ta produksions-etik. Lana amaituta daukagu. Hainbat formatutara pasa, izen-emate orria bete, gutunazala itxi eta bihar entregatuko dugu Elorrioko Udaleko Berdintasun Sailean. Bihar da lanak aurkezteko azken eguna. Momentuz gure azken proiektutxoaren soinu bandarekin utziko zaituztegu. 


Hasiera by keikrass

Bukaera by keikrass

2010/10/27

Audacity ezagutzen

Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak irakasgaia hasi dugu. Ideiarik ere ez daukagu soinua nola editatzen den multipistan beraz, lehenik eta behin audio edizio programaren bat erabiltzen ikasi beharko dugunez, Audacity-a deskargatu eta trasteatzen hasi gara. Hotsen bidez minutu bateko istorio bat kontatzeko erronka jarri ziguten atzo klasean, hona emaitza:

Soinu istorioa by keikrass

Norbaitek ulertzen ez badu, edo hobetzeko asmoz kritikak egin nahi baditu, ongi etorria izango da!

2010/10/22

Iheskide taldearen azken emanaldia

Elorrioko Iheskide musika taldeak azkeneko zuzenekoa eskainiko du bihar herriko probalekuan. Iheskide punckrocka lantzen duen talde gaztea da. Indartsuak, bizkorrak, sarkorrak eta zuzenak dira, haien kantuak eta baita kontzertuak. 

2004an hasi zuten talde ibilbidea Ihesbide izenarekin eta boskote moduan. 2006an zazpi abestiz osatutako maketa grabatu eta kaleratu zuten. Gainera, Gazte Sareak eta Xirikak kaleratutako "Gazte sortzaileen eskutik okupazioaren aldeko oihuak" bilduman parte hartu eta Txirringaz´06-ko abestia ere egin zituzten.

Garai hartan, taldekide batek taldea utzi zuen eta ordurarte baxu-jotzaile aritutako Gaizkak hartu zuen ahotsaren ardura. Abesti berriak landu zituzten eta 2008ko martxoan kaleratu zuten "dagokiguna" diska. Lana kaleratzeaz bat bideoklip bat ere grabatu zuten. Eta gustora lagundu genuen Ti-Ta produksionsetik proiektutxo hura aurrera ateratzen. Udako agenda kontzertu eta jarratzailez puztu zitzaien baina uztailaren 22an, estatu espainiarreko indar errepresiboek Gaizka atxilotu, torturatu eta espetxeratu egin zuten. Amorruz editatu genuen aurrez grabatutakoa eta Elorrixoko gaztetxeko aforoa lehertu zuen abuztuak 30eko kontzertu berezi hartarako prestatu genuen ondorengo lana:
 


Urte eta erdiko geldiunea eta gero, 2010eko otsailean IhesKide lana kaleratu zuten.  Lagunekin zein hainbat taldetako musikarirekin batera egindako lan borobila da: "30 minutu inguruan zehar barne suak bizi-bizi jartzea bilatzen duen punk-rock txertoa".



Eta oraingoz IhesKideren azken emanaldia izango da. Musika arma moduan erabilita eta herri hontan bizi dugun eguneroko "malaostiak" inspiratuta, punk&rock-az gozatzeko, aldarrikatzeko eta kolpatzeko bizi den talde Elorriarrarekin gozatu ahal izateko azken aukera izango da. Bazatoz? 

Informazio gehiagorako Myspace-a eta Facebook-a bisitatu

2010/10/21

Mikel Ayestaran: berriemaile berezia

Gaurko eskola Mikel Ayestaran kazetariak eman digu. Mikelek freelance bezala egiten du lan EiTB zein Vocento taldeentzako eta gehienbat Libano, Siria, Afganistan, Irak, Pakistan eta Iran aldetik ibiltzen da, beti motxila aldean eta istorio bila.

Pertsona interesgarria eta gertukoa iruditu zait. Garbi dauka albisteak ez direla edozelan lortu behar. Gerra kazetaritza egiterakoan erraza bezain ohikoa da trataera morbosoaren bilaketa eta baita askotan, dolarrez zikindutako argazki zein testigantzen emaria. Mikelek argi utzi digu zein den bere ikuspuntua: herritarren aldekoa. 

Mikel Ayestaran: "Multimedian edukia menperatzea baino errazago da teknika menderatzea"

Hitzaldian aipatutako gauza esanguratsuenak bildu ditut zuekin elkarbanatzeko:
  • Teknologiak irudia demokratizatu du: garrantzitsuena azkartasuna da.

  • Multimediak azkartasuna inposatzen du, kalitatea arriskuan jarriz.

  • Gero eta kamera berri eta modernoagoak daude baina profesional gutxiago. 

  • Erreportajegintzan bertako ikuspuntua bilatu behar da. Garbia izan biktimekin, istorio pertsonalak bilatu eta baimenak eskatu, beti. 

  • Komunikabideetan gerra kazetarien albisteak bigarren planokoak dira, lehenengoak informazio agentziek filtratzen dituztenak dira. Hortaz, informazio agentzien ohiartzuna aprobetxatu behar da beste istorioak txertatzeko. 

  • Egunkariak sakontasuna ematen du. Telebistak aldiz, indar eta eragin gehiago dauka: helburuaren arabera euskarri bat edo beste hautatuko da (kontuan izan gainera, hedabide bakoitzak hartzaile ezberdinak dituela). Multimediak aipatutako helburuok uztartu beharko lituzke.

Informazio gehiagorako Mikelen bloga eta Youtubeko kanala bisitatu.

2010/10/15

Bidaia Bilbon


Bilbo hiri oparoa eta zirraranitza da txango bat egiteko, horregatik aukeratu dugu Bidaiari dubi dubi lehiaketarako eszenatoki. Gero eta turista gehiagok gehitzen du Bilbo Euskal Herriko ezinbesteko txokoen zerrendan. Eta halaxe da, ez du hutsik egiten. Arkitektura modernoena eta zaharrena uztartu ditu Bizkaiko hiriburuak, bertako jaiak paregabeak direla dio batek baino gehiagok etab. luze bat (ez gara soberan dauden laudorioetan eroriko). 

126 nazionalitateko hiritarrak omen daude eta 110 hizkuntza ezberdin hitz egiten omen dira. Aniztasun horren bila joan gara Bilbora, edozein turistaren betaurrekoak jantzita. Gizarte integratua izateko lan ugari daukate oraindik egiteke bertan, hala ere, kultur-aniztasuna jaio eta arnasten hasi da dagoeneko: gastronomikoki nabari daiteke, musikalki, bisualki... 

Hiriak milaka bidai inspira edo oroitarazi ditzake. Hautatzekotan beti bigarren aukera hobe! Ez baita gauza bera, jatorriz atzerrikoa den hori hemen ezagutzea edo lehen eskutik dastatzea. 


Bidaiatzen... from keikrass on Vimeo.

2010/10/14

Anboto.org, Publico.es eta Le Monde.fr : interaktibitate maila

Tokian tokiko, espaniako eta nazioarteko hiru ziberegunkari aztertu ditugu urriaren 5 eta 6a bitartean, Koldo Mesok pasaturiko azterketa gida bat oinarri hartuta. Interaktibitatearen inguruko analisia egiteko aukeratu ditudan hedabideak Anboto.org, Publico.es eta Le Monde.fr izan dira. Bai hurrenkera geografikoz, baita, interaktibitate mailari dagokionean ere. 

Aztergai batean ere ez da herritarren parte hartzerako espazio zehatzik ageri. Hortaz, erabiltzaileak ez dauka bere interakziorako pentsaturiko inolako txoko zehatzik. Hala ere badaude beste hainbat bide. Esaterako, Anbotok eta Le Mondek inkestetan parte hartu eta emaitzak ikusteko aukera eskaintzen dute. Azken horrek eta Publicok aldiz, lehiaketak zein chat-ak eskaintzen dituzte eta hedabide frantsesak, aktibo dauden foroak ere baditu.

Anbotoren interaktibitate maila hiruretan bajuena da. Bertako albisteak feed-ak jasotzeko aukera eskaintzen duten arren, irakurtzeko soilik dira. Publicok aldiz, erregistratuz gero, albisteak iruzkintzeko aukera dauka eta gainera, bozkatu, gorde, inprimatu eta Sarean elkarbana daitezke. Hedabideari dagozkion blog propioez gain, erabiltzaileari komunitateak sortzeko aukera ere ematen dio. Hala ere, ezin daitezke ez albisteak, ezta bideoak bidali hedabidera, nahiz eta erredakziora zein autoreen e-postetara idazteko aukera badaukan. Albisteen tipografia eta tamaina moldatu daitezke eta rss bidez jarraitzeko aukera dago. Gainera Facebook eta Twitter sare sozialetan ageri da.

Le Monde osatuena eta aurreratuena da interakzioaren aplikazioan baina hilean sei euro ordainduz gero soilik goza ditzake erabiltzaileak bide honetan garatutako baliabideak. Bai Publicoren kasuan ageri diren denak eta baita, blogak sortzeko, argazkiak zein albisteak bidaltzeko, informazioa nahierara hierarkizatzeko edota edukiak erabiltzailearen arabera moldatzeko aukerak.

Beraz, Le Monde da teknologikoki hedabide interaktiboena baina badirudi etorkizuna ordainpekoa izango dela. Ederra litzateke interakzio maila bera eskaintzea dohainik eta denontzat, bai nazioarteko hedabideek eta baita tokikoek ere.

Bilbo, Japonia, Ti-Ta produksions


Zein da Bilbo, Japonia eta Ti-Taren arteko harremana? Piskat gehiago itxaron beharko duzue. Oraindik editatutakoa berorraztu behar dugu, protagonistari erakutsi, entregatu eta pare bat zerbeza hartu, amaitutako lanari agur esan eta hurrengoan pentsatzen hasteko. Hori egin bezain pronto zeuena izango da!

2010/10/08

"Me la suda" bideo lan saritua


Urtebete pasa zen lanik egin gabe baina "24 ordu digitalean"-eko III. edizioa hurreratzen zebilela urduri jartzen hasi ginen. Zein izango zen gaia? Zein esaldia? Eta 2008ko objektua? Gogotsu heldu ginen Antzokiko Ateneora ostiral arratsaldez eta euforiko atera ginen bertatik larunbat gauez: 2. saria Elorrixoko Gaztetxearentzat! Politxa izan zan!

Orain dela hiru urteko lana: Arnasestuka

Elorrioko Arriola Antzokiak antolatutako "24 ordu digitalean" lehiaketara aurkezteko bildu ginen lehen aldiz Ti-Ta produksions-eko bi lagunok eta Elorrixoko Gaztetxeko beste hainbat kide. Gure lehen esperientzia izan zen kamera, kable, aktore, edizio, beredizio... munduan. Ongi pasatu genuen eta lan txukuna egin genuela esan ziguten. Denbora pasata, lanak beste era batera ikusten dira baina gure laburmetraia aurkeztu eta zine pantailan ikusi genuen egun hartan gustura sentitu ginen. Lehen esperientzia honetan hasi zen guztia.

Arnasestuka from keikrass on Vimeo.

2010/10/07

"Bidaiari dubi dubi" bideo lehiaketa begi bistan

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, bidaiekin erlazionatutako bideo labur bitxiak sarituko ditu "Bidaiari Dubi Dubi" lehiaketaren lehen edizioan. Ti-Ta produksions-en martxan jartzea erabaki dugu. Gaur goizean ideia garatu, baliabideak bildu eta storyboard-a marraztu dugu eta datorren asteartean joango gara Bilbora gure bidaia bitxia grabatzera (handik bazabiltzate kontuz ibili!).

Antolatzaileek horrelako bideoak nahi omen dituzte. Gu horrelakoak baino ederragoak egiteko gai garela sinetsita gaude!

Lanak aurkezteko azken eguna urriaren 15ean izango da, egun horretan bertan ikusi ahal izango da bideolana Sarean.  Itxaron...

2010/10/05

Ti-Ta produksions ezagutzera emateko informazioa

Nor gara eta zer egiten dugu? Elorrixoko bi neska gazte gara eta bideo lanak egiten ditugu. Hasteko orain arte egindako lanak Sareratuko ditugu. Hala ere, materiala bildu eta era egokian manipulatzen dugun bitartean, egunotan esku artean ditugun proiektuen gaineko informazioa ere emango dizuegu. 


Abendurarteko egutegia hartu dugu eta lau lehiaketa aukeratu ditugu: Bidaiari dubi dubi lehiaketa, Animadeba, Kameratoia eta 24ordudigitalean.

Facebook-eko orrialde bat ere sortu dugu. Gainera, neu taldekidea ere banaiz, beraz, nire blog honetan ere Ti-Taren berri izango du nahi duen orok.

2010/10/04

Aurkezpena

Kazetaritzan lizentziatu berri den elorrixarra naiz. Leihoak ireki blog honetatik multimedia komunikaziora salto egiteko asmoa daukat. Izan ere, lizentziatura amaitu berri eta praktikarik gabe nagoenez etorkizunera begira garrantzitsua izango den esparru honetan murgildu nahi dut. Horretarako, lehenik eta behin nire mundu komunikatiboaren leihoak garbitu beharko ditut, ondoren, ireki eta salto egiteko. Gogotsu nator Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterrera.