Bosgarren edizio honetan 15 taldek hartu dugu parte 24 Ordu Digitalean lehiaketan. Inoiz baino kalitate gehiago izan da aurten, beraz, lan politak ikusteko aukera izan dugu. Aurtengo oinarriak hauexek izan dira:
- Gaia:Iruzurra
- Esaldia: "Legea egin zunak, tranpia egin zun"
- Objektua: Hautsa
Guk, hamaika buelta eman genizkion buruari eta afal ordurako argi genuen zein izango zen gure aurtengo lana, baita nola egingo genuen ere. Gainera laguntzaile musikariak ere bagenituenez abesti bat egitea bururatu zitzaigun. Lana osatzeko eta gure mezua ulertarazteko. Baina azkenean, soinu grabaketa eskasa zela eta filma jantzi beharrean, biluztu egin zuen musikak, hutsik laga. Hala ere, poz-pozik entregatu genuen gure lana. Nahiz eta gutxi jan eta are gutxiago lo egin, ikaragarri ondo pasa genuen.
Hori bai, gure hausnarketatxoak ere egin ditugu eta datorren urterako istorio sinple bat egiteko erronka jarri dugu. Ez dakit gure burmuinek utziko diguten baina hala izan dadila! Izan ere, emanaldia amaitu eta gure lanaren inguruan hizketan entzun genituen gehienek ez zuten filma ulertu. Hementxe duzue ikusgai, eta norbaitek ulertzen ez badu galdetu dezala edota bere inpresioak bota ditzala. Blog honek izango lukeen lehen iruzkina litzateke, hala bada, gustora-gustora erantzungo dut. Goza dezazuela!
Heldu da eguna. Gaur hasten da 24 ordu digitalean film labur lehiaketa. Gogotsu geunden eguna iristeko zain. Hainbat lantxo egin ditugu orain arte baina hauxe da benetan atsegin duguna. 24 ordu besterik ez. Istorio bat sortu, grabatu, muntatu eta azkenik, onena (saria bera baino gehiago agian), egindakoa zineko pantaila handian ikusi.
Arratsaldeko bostetan argituko dute bosgarren edizio honetako gaia, esaldia eta objektua. Eta bihar bostetan entregatu beharko da lana. Hainbat taldek eman omen dute izena honezkero, hortaz ziur, polita izango dela!
Emanaldia bihar izango da gaueko 10etan eta ondoren sari banaketa. Guk entrenamendu piskat egin dugu aurten eta ekipo teknikoa prest daukagu. Orain bapo bazkaldu, siesta gozo batetik esnatu eta kaleak astintzera aterako gara!
Gaur gurekin gurutzatzera doanak grabaketei fobia badie buelta erdia eman eta alde egitea izango du onena. Abisatu duena barkatuta omen dago... Parasito bihurtu eta daukagun onena ematen saiatuko gara!!!
Urtebete pasa zen lanik egin gabe baina "24 ordu digitalean"-eko III. edizioa hurreratzen zebilela urduri jartzen hasi ginen. Zein izango zen gaia? Zein esaldia? Eta 2008ko objektua? Gogotsu heldu ginen Antzokiko Ateneora ostiral arratsaldez eta euforiko atera ginen bertatik larunbat gauez: 2. saria Elorrixoko Gaztetxearentzat! Politxa izan zan!
Elorrioko Arriola Antzokiak antolatutako "24 ordu digitalean" lehiaketara aurkezteko bildu ginen lehen aldiz Ti-Ta produksions-eko bi lagunok eta Elorrixoko Gaztetxeko beste hainbat kide. Gure lehen esperientzia izan zen kamera, kable, aktore, edizio, beredizio... munduan. Ongi pasatu genuen eta lan txukuna egin genuela esan ziguten. Denbora pasata, lanak beste era batera ikusten dira baina gure laburmetraia aurkeztu eta zine pantailan ikusi genuen egun hartan gustura sentitu ginen. Lehen esperientzia honetan hasi zen guztia.