2011/01/22

Kultura bonua spot lehiaketak ez daki euskaraz

Izendatu dituzte kultura bonua spot lehiaketako irabazleak. Eitb eta kulturklik atariek gaztelera saritu dute, euskara ez omen dute ulertzen.

Kultura bonua Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abian jarritako ekimena da. Bonoak 25€ balio izan du, baina kanpaina horretara atxikitutako 366 saltokietan, 40€-ko gastua egin ahal izan dute bonoaren jabeek. Bonoaren helburua kulturaren kontsumoa sustatzea izan da. Bonoarekin liburuak, musika, pelikulak, zine sarrerak, zuzeneko ikuskizunak... erosi ahal izan dira. Eusko Jaurlaritzak orotara, 59.000 bonu jarri ditu eskuragarri, hau da, 885.000€ bideratu ditu ekimen horretarako.

Baina, kultura sustatzeko kontsumoa sustatu behar al da? Ekimen hauxe gabonetan egitea ez al da kasualitate handiegia? Zein da benetako helburua? Gure herrian sortzen diren kultur ekimenek kontsumoa sustatzea edo ekimenak sustatzea behar dute? Uste nuen kultura herriak egiten duela eta herriak laguntzak behar dituela kultura hori gauzatzeko, ez erosteko. Ezen, kontsumozko kultura honetan, kontsumitzen dena soilik al da kultura? Kontsumitzen den horrek soilik balio al du gure kultur nortasuna sendotzeko? Edo errentagarria bada balio du eta bestela ez? Aberastasuna ez litzateke eurotan soilik neurtu behar, horrela bide batez, ez ginateke hain pobre sentituko gure egunorokoan.

Bigarren urtez egin dute ekimen hau eta aurtengoan, iaz baino %6 bonu gehiago saldu dira Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuaren arabera. Gainera aurten, berritasun modura, Interneteko bideo-spot lehiaketa jarri dute abian Eitb.com eta Kulturklik atariekin elkarlanean. Lehiaketaren helburua kultura bonuak izan ditzakeen erabilera eta aplikazio ugariak erakustea izan da. Eta bide batez, "kultura dibertsio iturri izateaz gain, norbere burua aberasteko eta kultura garatzeko balio duela erakustea". Bada lehiaketara 37 lan aurkeztu dira. Guztira 6.000€ banatu dituzte hiru irabazleren artean eta 10 kultura bonu bi bozkatzaileren artean.

Kulturklik, Eusko Jaurlaritzaren kultura Sailaren ekimen bat da. Euskal Kulturaren gune elkarreragile bezala definitu dute euren atarian. Eta zer da EITB? Euskal Irrati Telebistak kate publikoa beharko luke izan. Publikoa den heinean gizartearen zerbitzura dagoen komunikabidea beharko luke izan eta euskal den heinean, euskal komunitatearena. Izena euskaraz badauka izana ere euskaraz beharko luke izan.

Eusko Jaurlaritza, euskal kultura eta euskal irrati telebista... eta sarituako hiru bideo lanak... Gazteleraz!!! Ai ene, inuxenteak bagara ba e... Gure spot-a bi hizkuntzatan egiteko lana hartu genuen eta gure inonzentzian uste izan dugu, horrelako ekimen batek ez duela gure hizkuntzaren egoera diglosikoa indartzeko erabakirik hartuko. Zenbat ostiko hartu behar ditugun oraindik! Baina beno, hain anormala ere ez da. Izan ere, herri honetako agintari gehienek euskara ez ulertzea normala bada eta EITBren zuzendariak bere kateek diotena ulertzen ez badu... Izaki elebidunak gara anormalak herrri honetan. 

Albisteak eta lehiaketaren bilakaerak amorrarazi egin ninduten eta hainbat gogoeta egin ditut egunotan. Hona antolatzaileei helarazi nahi dizkiedan kritikak:

- Parte hartzaileonganako arreta falta. Mezu bat bera ere ez dugu jaso. Ez lana jaso dutela jakinarazteko, ez sailkatuak izan garen edo ez esateko, ezta parte hartzeagatik eskerrak emateko.

-Spot bozkatuenak 1.000€-ko saria jaso du. Kontaketa sistema iruzur bide galanta izan da. Kontaketa %tan egin dute eta ez botu kopurutan, zenbakitan. Zergatik? Halaber, euskarazko bertsioko emaitzak eta gaztelerazko atarikoak ez zetozen bat.

-Data aldaketak. Irabazleen izenak urtarrilaren 18an kaleratu behar zituzten, egun osoa pasa genuen zain eta arratsaldean hurrengo egunera luzatu zuten erabakia. Inolako arrazoirik ez.  

-Saritutako hiru lanak gaztelerazkoak dira. Eta kalitatea ez da justifikazio. 

-Aztertu jarraian datorren grafikoa. Aurkeztutako 37 lanak ageri dira, kolore ezberdinez hizkuntzaren arabera eta Youtuben izandako ikustaldi kopuruaren arabera ordenatuta. Nola da posible spot bozkatuena horren gutxitan ikusi izana? Guk ere lagun pila ditugu, horregatik ageri gara goiko aldean, gure lagunek bozkatu eta ikusi egin gaituztelako.



Datorren urterako aholkuak: 6.000€ horiek hartu eta zuen lagunen bati eskatu spot-a egiteko. Eta slogana aldatu: Con C, con K consuma cultura-ri kendu K! Con c consuma cultura! Amen!

Nik ez dut zirko horretan parte hartuko!

3 comentarios:

  1. Interesgarria benetan. Epaileen erabakian ez naiz sartuko (uste dut kalitatea saritu dutela; bidezkoa oraingoan), baina hizkuntzaren inguruan egin duzun hausnarketa kontuan hartzekoa da. Agian, sarituen artean euskerarik ez egotea baino, larriagoa da euskeraren presentzia parte hartzaileen artean.

    Bestetik, bozketen kontua beti da iruzurra. Lagun gehiago dituenak irabazten du, beti. Hori bagenekien lehiaketa hasi aurretik. Baina honakoan, gainera, bozkatzeko sistemak iruzurra areagotu du, portzentaien batuketak inoz ez baitzuen 100 ematen. Desmadrea izan zen.

    Egin duzun grafikoari buruz, esango nuke YouTube bakarrik erabilita ezin dela bisiten kopurua zenbatu, bozkatzerako orduan eitb.com-eko barne sistema erabiltzen zelako. Eta bukatzeko, "Kultura errezetarik onena" ez dago gazteleraz! Audio osoa euskeraz dago, gehi gaztelerazko azpitituluak. Beraz, euskeraz edo elebiduna behintzat! Lagun batek eta biok egin genuelako esaten dizut ;)

    Agur eta ondo segi.

    ResponderEliminar
  2. Barkatu, grafikoa egiterakoan koloreak nahastu nituen. Berdeak spot elebidunak dira eta urdinak gaztelerazkoak. Zuzenduta.

    Bestetik, arrazoia duzu, euskararen presentzia oso txikia izan da parte hartzaileen artean eta datu kezkagarria da benetan.

    Guk lanean jarraituko dugu, ondo segi!

    ResponderEliminar
  3. Mezu hau blog honetan argitaratzeaz gain, hainbat lekutan zabaldu dut: nire Facebook eta Twitter-eko perfiletan, Ti-Ta produksionsen Facebook-eko orrialdean eta Eitb.com atarian argitaratutako albistearen iruzkinean.

    ResponderEliminar