2011/01/05

Erretzaile anonimo baten gogoeta adiktiboak

Bapatean erretzaileak bihurtu gara gizartearen arazo larriena. Geu gara kalearen minbizia. Futbolaren gaia baino astunagoa bilakatu da erretzearen aurkako legea. Aurkakoa, mugatzailea. Separatista.

Hemen ezin da, atearen parean ezta, joan harutzago, erne! ume bat pasatzera doa, kontuz! hutsik dagoen parke horretan txirrista jartzen ari dira... Itzali zigarroa auzokoak salaketa jarri baino lehen. Zein gozoa den anonimotasuna eta zein miserablea bakardadea, asperdura. Lehen ere polizia gutxi genituenez denok bihurtu gara orain txakur. Txakur alienatuak. Gure kaka jasotzen ikasi ez dugulako maite dugu albokoarena batzea. Ohituta gaude. Gixajoak gu, noraezean gabiltzan erretzaileak, eskerrak estatuak gure osasuna zaintzeko betebeharra sentitzen duen bestela... pobreagoa litzateke eta ez luke minbiziari aurre egiteko aurrekonturik edukiko.

Hipokresia eta interes ekonomikoa. Farmazien presioren bat tarteko. Narkotizatzeko balio handia duen aitzaki perfektua? Ke ba! Esnatu! Adikzio zikin eta ketsu baten ideia zentzugabeak besterik ez dira horiek! Nikotina gabeziak aluzinazioak eragiten ditu.

Ez didazue esango tabernak ez daudela tristeago? Garbiago baina hutsago. Eta jendarte zibilizatua ardiak baino otzanago kalean, denak ilaran, obediente. Minbizia sortzen dien salbatzaileari musu ematen, estatua aberasten eta gripea epidemia bihurtzen. Oraindik ezin dute isunik jarri baina kasu egiten dugu, inoiz ikusi ez bezala, sikiera desobedientzia piska bat mesedez. Orain arte ere, ilegala zen porroak erretzea, baina nire herrian ez zegoen legerik, punkiak zeuden, besterik ez. Orain porretak ere errespetatzen dute lege zibiko berria. Hori bai, kanpoan hotza egiten du eta porroak tabernan biltzen dituzte. No future.

Amaitu da erretzaileon pagotxa. Jendarte garbi, osasuntsu, kirolari eta ederrarentzat soilik da zilegi askatasuna. Kalea da kirastunon habia. Aurrerantzean adi, batek daki zeren txanda izango den hurrena. Laister agian etxean erretzen dutenena, edo bodegetara egiten diren ibilaldiena, edo kafeinomanoena, batek daki, agian, ikasteko ohitura arraro hori dutenena, irakurtzen dutenena, amets egiten dutenena eta noski, utopietan sinesten dugunona. Eta inork ez du protestatuko, ezta sinbolikoki ere, iada pentsatzen jakingo ez dugulako. Eskerrak emango ditugu. Egoera berriaren ontasunak goraipatuko ditugu lagun birtualei ere burukomina sortu arte. Eta bitartean, estatuak nahi duena egingo du berak emandako bazkarekin jolasean dabilen publiko entretenituarekin.

Erretzaileon errua izango da, lan eta pentsio erreformaren aldaketa ere. Berriz diot, no future!
Inozoa ni, estatuak jendarte garbi, osasuntsu, kirolari eta ederra nahi du hil arte lan egiten jarraitzeko eta edertasunak itsututako oparotasun faltsusko egunerokotasunean zorintsu izateko. Suizidak ere ilegalak dira, baina nik, inork agintzen ez didalako dut maite maite dudana. Gutxi biziko gara eta lan mordoa egin beharko dugu goserik ez pasatzeko, utz nazatela nahierara suizidatzen!

No hay comentarios:

Publicar un comentario