2010/11/26

Ez dakizula asteburuan zer egin? World Press Photo eta Izarren Argia

Pare bat proposamen : World Press Photo eta Izarren Argia

Biak dira ariketa salatzaile hausnareragileak. Egun izkutarazten saiatzen diren intentzionalidade iraultzaile eta noble baten emaitza diren produktu artistikoak. Gasteizen ikusgai dagoen erakusketa,
Mikel Ruedak zuzendutako filmearekin alderatuz gero, argazkitan dagoen artea ariketa gordinagoa dela esan genezake. Izan ere, ez da gauza bera langaia errealitatea+fotograma bat edo errealitate fikzionatua+milaka fotograma izatea. Poetikoagoa da luzemetraia, arinagoa, leunagoa eta aldi berean, gertaera latz baten oihu garratza. 

Euskarazko zinea atsegin dut. Baina errealismoa ere maite dut. Orain ez asko ikus-entzunezko produktuek beharrezko duten errealismoaz aritu nintzen hizketan lagun batekin eta Izarren Argia ikusten hasi eta... Ale! Militar frankistak eta mojak euskaraz! Euskara zuzen eta garbian gainera! Agian ni izan nintzen harritu zen bakarra, agian euskaraz aritzen ziren eta nire inkultura historikoa aireratzen nabil post honetan, baina mesedez, egizue bertsio originalaren aldeko apustua. Eta euskara azpitituluetan sartu. Ez dut uste gure hizkuntzaren normalizazioa distortsioaren eskutik helduko denik.

Guztiok animatzen zaituztet bi zita hauetara. Gertaerak kontatu egin behar baitira, unean salatu eta salaketa horietaz harago joan, buelta eman. Gero, urteak pasa ondoren horrelakoak esateko eta kontatzeko beharrik izan ez dezagun: No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos.


Bi adierazpide hauek ikaragarri gustatu zitzaizkidan baina, asteburu honetarako, umore piskat nahi dut. Horregatik (eta lagun batzuk ona dela esan didatelako, obraren ideia polita iruditu zaidalako, erreferentziak gustatu zaizkidalako....) gaur, Errautsak antzezlana ikustera noa. Norbaitek intentzio bera baldin badu, asteburu honetan bi aukera ditu: Elorrioko Arriola Antzokian gaur 22:00etan, edo bihar Durangon. 

Egiten duzuena egiten duela... Ongi pasa asteburua!

Elcorreo.com-eko blogen analisia

Elcorreo.com atariko bost blog aztertu ditut. Horretarako, hedabideen interaktibitate maila aztertzeko erabilitako metodologia bera aplikatu dut, hau da, hainbat parametro kontuan hartzen dituen azterketa gida bat. Goazen harira:
  • Game over : bideo eta argazki pila bat sartzen ditu post-etan baina ez du horien egiletza aitortzen. Ez dauka estilo propiorik eta gainera ez du irudia batere zaintzen. Hainbat tamainatako argazki zein bideoak darabiltza, kokapen zeharo ezberdinekin eta gainera, irizpide ez parekoen arabera antolatzen ditu sarrerak. Halaber, testu luzeegiak idazten ditu, soberako informazioaz mintzo da. Izan ere, informazioa zabaltzeko testu loturak darabiltza, hortaz, horien erabilera egokia eginez gero testua ez litzateke horrenbeste luzatu behar. 

  • Heroes : Testuak oso luze, loturarik ez eta bideorik ere ez. Argazkiak badaude baina aurrekoan bezala, Internetetik hartuak dira eta ez da egiletza aitortzen. Bertako edukia tradizionala da, ez da Sarerako sortu. 

  • Humo y espejos : testu motzagoak ageri dira eta osagai multimedien alde egiten du. Baina ez du inolako egiletzarik aitortzen eta ez du diseinua zaintzen. Hori bai, Interneterako idazten du.

  • Influencias : Heroes blogaren itxura berekoa da baina edukitan pobreagoa. Ez du tag-ik erabiltzen, ez dauka etiketentzako atalik. Eta hamaika hilabatetan zortzi sarrera soilik publikatu ditu. Zertarako dauka blog bat? Ez baldin badauka kontatzeko ezer...

  • Ja-ja: Jesus Zulet El Correoko umorista da eta blog honetan bere binetak erakusten ditu. Sarrerak etiketatuta eta batzutan testuz lagunduta daude, baina aztertutako beste lau blogetan bezala, oro har, ez dauka feedback-ik publikoarekin. Oso iruzkin gutxi dauzka.

Azterketarako egokitu zaizkidan blog guztiak Elcorreo.com-ekoak izan dira eta guztiak hedabideak ahalbidetzen duen plantila batean oinarrituta egin dira. Komunikabideak bertako profesionalei, adituei, zein erabiltzaileei plantila bera uzten die aukeran, beren plataforma komunikatiboa izan dezaten. Ondorioz guztiek itxura bera eta sekzio berak dituzte. Nire iritziz, blog hauei multimediatasuna falta zaie. Bai oinarrian (edukiak sortzerakoan Sarerako egiteko kontzientziaz aritzea) eta baita praktikan ere (ez dute interakziorako bide asko). Finean, hobetu daitezke.

Debako animazio zinemaldia, Animadeba

Debako Udalak Animazio zinemaldia antolatu du aurten hirugarrengoz. Animadebaren zita abenduaren 26-30 bitartetan izango da eta jaialdia iragartzeko gortina lehiaketarako deialdia ere egin dute. Hona hemen Ti-Ta produksions-en egin dugun stop motiona.

2010/11/25

Gai hunkigarriak teknologia berrien eta masa kulturaren garaian

Azken bi asteetan sexu eta biolentziaren trataera landu dugu Santirekin klasean. Gaur amaitu dugu ikasgaia eta bukatzeko lan txiki bat aurkeztu dugu. Bakoitzak irudi bat aukeratu du eta bere testuingurua, trataera, elementuak... aztertu ditu. Hona hemen World Press Photo erakusketan aukeratu nuen irudiaren azterketa:



Audio erreportajea: gazteak eta bizi ereduak

Soinu istorioa eta gero soinu erreportajea egiteko eskatu zitzaigun Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak ikasgaian. Gazteriaren inguruko bigarren talde lan honetan, gazteon bizi ereduen inguruan hausnartu dugu. Horretarako, edozein gazteren larunbat bat hartu dugu ardatz. Goizean jeiki eta irratia piztuko du gure protagonistak, Internet bidez komunikatuko da eta eguna ongi amaitzeko bikotearekin geratu eta parrandan aterako da.

XXI. mendeko gizarte honek hainbat topiko eta estereotipo helarazten dizkigu gazteoi gure bizi ereduak markatzeko asmoz. Bizi eredu kapitalista inposatzeko saiakera hori salatzen saiatu gara lan honetan.


Gazteok eta bizi eredua by keikrass

Azaroak 25: indarkeria sexistarik ez!

Gaur, azaroak 25, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da. Euskal Herriko leku gehientsuenetan bezala, Elorrion ere, hainbat ekintza programatu dira gaurko. Arratsaldean izango dugu zita elorriarrok. 19:30etan kontzentrazioa egingo da herriko plazan eta ondoren, 20:00etan, indakeria matxistaren bestelako adierazpenak ezagutarazteko dokumental emanaldia burutuko da Iturri Kultur Etxean. Ekimen xume horretan egin digute lekua Ti-Ta produksions-ekooi. Beldur Barik! lehiaketara aurkeztu genuen lana proiektatuko dute bertan. Ilusioa egin digu berriak eta pena handia da bertan egon ahal ez izatea, baina aukera gehiago izango direlako esperantza daukagu...

Garai batean San Isidro edota Santa Eulalia bezalako egunak ospatzen ziren, egun, egutegiek izena eta izana ere aldatu dituzte. Orain ez dakit zeren aldeko eta kontrako egunak "ospatzen" ditugu eta tamalez, denak dira salaketa edo kontzientziazio asmoz ezarritako datak. 

Bestalde, gogoratu larunbat honetan, azaroak 27, Beldur Barik! jaialdia ospatuko dela Bilbon. Bertaratzeko asmoa duenak edo nondik norakoak ezagutu nahi dituenak hementxe bilatuko du informazioa: http://www.beldurbarik.org/

2010/11/09

24OD: Ni ez naiz... film laburra

Bosgarren edizio honetan 15 taldek hartu dugu parte 24 Ordu Digitalean lehiaketan. Inoiz baino kalitate gehiago izan da aurten, beraz, lan politak ikusteko aukera izan dugu. Aurtengo oinarriak hauexek izan dira:

- Gaia: Iruzurra
- Esaldia: "Legea egin zunak, tranpia egin zun"
- Objektua: Hautsa

Guk, hamaika buelta eman genizkion buruari eta afal ordurako argi genuen zein izango zen gure aurtengo lana, baita nola egingo genuen ere. Gainera laguntzaile musikariak ere bagenituenez abesti bat egitea bururatu zitzaigun. Lana osatzeko eta gure mezua ulertarazteko. Baina azkenean, soinu grabaketa eskasa zela eta filma jantzi beharrean, biluztu egin zuen musikak, hutsik laga. Hala ere, poz-pozik entregatu genuen gure lana. Nahiz eta gutxi jan eta are gutxiago lo egin, ikaragarri ondo pasa genuen. 

Hori bai, gure hausnarketatxoak ere egin ditugu eta datorren urterako istorio sinple bat egiteko erronka jarri dugu. Ez dakit gure burmuinek utziko diguten baina hala izan dadila! Izan ere, emanaldia amaitu eta gure lanaren inguruan hizketan entzun genituen gehienek ez zuten filma ulertu. Hementxe duzue ikusgai, eta norbaitek ulertzen ez badu galdetu dezala edota bere inpresioak bota ditzala. Blog honek izango lukeen lehen iruzkina litzateke, hala bada, gustora-gustora erantzungo dut. Goza dezazuela!